Plaza, denon artean

Herri galdeketa

Herri galdeketaren inguruko informazioa

Herriko plaza herriaren bizi gunea izan da, historikoki: azpeitiarren topaleku nagusi izan da mendeetan, bertan egin direlako azokak, feriak, festak eta bestelakoak. Herri biziaren erakusle da plaza, herri baten izaeraren isla, eta horregatik da oso garrantzitsua herri batentzat. Eta baita Azpeitiarentzat ere. Urte asko ditu gure plazak eta historia luzea bizkar gainean, baina nekea ere nabari du: zaharkituta ditu gune batzuk (kioskoa, komun publikoak...) eta bizitasuna ere itzaldu xamartuta du azkenaldia. Horregatik, horri buelta eman eta berritu, indartu eta eguneratu egin nahi dugu. Herriko plaza bizia, dinamikoa eta gaurkotua nahi dugu, azpeitiarren topaleku izaera berreskuratu eta indartzeko, eta herriko alde zaharrak zaharretik gutxi eta bizitik asko izatea nahi dugulako.


Eta herritarren elkarlanean egingo dugu hori. Euren eskutik, euren iritzia kontuan hartuta, eta oraingoan ere hala egingo dugu. Nolako plaza egin, denon artean erabakiko dugu. Baina beste pauso bat emango dugu, haratago joango gara, eta Azpeitian eta bailaran aurrenekoz, herri kontsulta bat egingo dugu.

Ekainaren 13, 14 eta 15ean egingo da herri kontsulta eta nolako plaza nahi duten adierazteko, honakoa galdetuko zaie herritarrei:
Batetik, plaza oinezkotzea nahi duten ala ez
Bestetik, plazak kioskoa edukitzea nahi duten ala ez
Eta, azkenik, plaza eraberritzeko hiru proiektu ezberdinen artean aukeratzeko eskatuko zaie. Proiektu horiek herriko hiru arkitektok egindakoak dira. Izan ere, Udalak herriko hainbat arkitektori eskatu zizkien plaza berritzeko proiektuak egiteko, eta jasotako proiektuen artean hiru aurre-aukeratu dituzte udal teknikari eta politikoek. Horien artean aukeratu beharko dute herritarrek. Kontuan izan behar da proiektu horiek ereduak direla, oinarrizkoak.


Bozketa prozesua hauteskundeen oso antzerakoa izango da: hautesontziak ohiko lekuetan egongo dira kokatuta, eta herritarrek hiru egun izango dituzte euren botoa emateko. Baina bada berrikuntza bat: herri kontsulta honetan 16 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte, hala jasotzen baitu udal ordenantzak. Adin horretakoek aurrenekoz demokrazian parte hartzeko aukera izango dute.

Galdeketaren kontaketa gardentasun osoz egingo da, eta emaitza guztiz errespetatuko du Udalak.

Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da udalaren erronka eta horretan ahalegin berezia egingo du datozen asteetan: proiektuen aurkezpenak egingo dituzte arkitektoek eurek herriko hainbat guneetan; bizilagun, eragile eta elkarte ezberdinekin bilerak egingo dira... Informazioa etxez-etxe ere banatuko da, herritar orok bere iritzia emateko beharrezko informazio osoa izan dezan.

Galdeketaren emaitza errespetatzeko konpromisoa hartzen du Udalak. Behin proiektua aukeratuta, jarraipen batzorde ireki bat eratuko da, aukeratutako eredu hori nola garatu aztertu eta obrak jarraitzeko. Batzorde horretan herritarrek ere hartu ahalko dute parte.


Erronka handia daukagu aurretik baina emaitzak merezi du. Demokrazian beste pauso bat ematera goaz, herria herritik eta herriarekin egitean sinesten dugulako.osatzeko

Zu hemen zaude: Home Denon Artean Plaza, denon artean Herri galdeketaren inguruko informazioa

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut